TEMAS | Turismo verde volver a temas >>

Aralarko harriekin hizketan

Ondare natural eta kulturala ezagutarazteko ‘Natura Gipuzkoan’ bilduma
kaleratu du Foru Aldundiak. Aralar du protagonista lehen aleak.

ANE URDANGARÍN
Natura gipuzkoan izeneko bilduma kaleratu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko ondare natural eta kulturala hedatzeko. Landa Ingurunearen Garapenerako diputatu Rafael Uribarrenen esanetan, «edozein bazterraz edo paisaiaz gozatzeaz gain, noizean behin gehiago jakiteko gogoa ezin aseturik gelditzen gara, txori edo loreren bat ikusi eta bere izena ez dakigunean, gure aurretik bizi izandakoen aztarnen batekin topatzen edo bidegurutze baten aurrean duda-mudan geratzen garenean». Kezka hauei erantzutea da bildumaren xedea. Aralar medizerra aukeratu du Aldundiak sortari hasiera emateko.

Kulturbideak Aralarren izenburupean, bi ataletan banatuta dago esku-liburua. Joxan Mujika, egileetako batek atzo azaldu zuenez, lehen zatian, «zonalde honetako populazioaren bilakaera kronologikoa azaltzen da, aztarnategi nagusiak eta beren ezaugarri esanguratsuenak aurkeztuz». Esaterako, gizakien lehen aztarnak duela 27.000 urtekoak dira eta Usategi deritzan Ataungo haitzuloan aurkitu ziren. Bigarren atalean bost ibilbide proposatzen dira, trikuharriak aitzaki hartuta interes handiko beste hainbat elementu, hala nola gaztelu, elurzulo, etxola etabar ezagutzeko aukera ematen dutelarik. Gainera, tokian tokiko ipuin eta kondairak ere ekarri dira liburura. Eta argazkiak asko zaindu dira.

Hauek dira, egileen aburuz, bisitariek ibilbide horiek gorde-tzen dituzten altxorren artean esanguratsu edo bitxienak.

Amezketatik Igaratzara
Bi eremu oso ezagun eta esanguratsu aurki daitezke ibilbide honetan. Alde batetik, larreen erdibidean garai batean egiten ziren mea ustiapenak gogorarazten dituzten zenbait eraikin ageri dira. Alfredo Morazak argitu digunez, «XVIII. mendeko hastapenetatik hasita 1950 arte aztarnak oso nabarmenak dira. Mea zuloak, barrakoiak, kargaderoak eta bagonetak zintzilik ikustea ere posible de oraindik». Liburuak dioenez, aztarna nagusienak Burun-tzuzin eta Arritzaga inguruan daude. Buruntzuzi bertan gutxik glaziar baten aztarnak daude, gu-txik erreparatzen dietenak. «Hemen ere baditugu horrelakoak, ez Alpeetan bakarrik».

Bestetik, Igaratza Aralarko parke naturaleko leku ezagunenetakoa edo, akaso, ezagunena dela esan liteke. Zonalde horretan badago trikuharri asko dituen toki bat. «Nafarroako Unagatik Igaratzara badaude ia hamabost bat trikuharri», dio Morazak. Liburuak Gipuzkoako aldea jorratzen du.

Larraitzetik alotzara
Morazaren aburuz, ibilbide honetako elementu bereziena Ausa gaztelua da. «Aparte samar gelditzen da, baina mendi koskor oso ezaguna da ingurukoentzat». Ertaroko gaztelua ezagutu nahi duenak pelikuletan ikusten ditugun gazteluen irudia ahaztu beharko du. «Askoz ere xumeagoak izaten ziren. Ehun metro karratu bat inguru zituzten baina xaloak ziren».

Alotza ingurua oso zonalde ezaguna da eta hainbat monolito ikus daitezke bertan. Besteak beste, Saltarrikoa. Barandiaranek aurkitu zuen, baina indusketa egin gabe dago. Liburuak bi kondaira jasotzen ditu monolitoaren jatorriaren inguruan. Lehenaren arabera, ba omen zen Murumenditik Salamancara harria bota nahi zuen jentil bat. Beste jentil batek ez botatzeko eskatu zion eta harria erdibidean geratu zen. Zati bat Alotzan erori zen Saltarriko monolitoa eratuz eta bestea Zaldibiko Ausa gazteluan. Beste kondairak pilotan ari ziren gizaki ba-tzuengana inguratu zen jentila du protagonista. Honek sakerako erabiltzen zuten harri bat hartu eta Aralar aldera bota zuen. Bi zatitan erori zen, Alotzan eta Zaldibian.

Urkillagatik Lareora
Ataungo Urkillaga auzotik atera eta Lareoko urtegira garamatza hirugarren ibilaldiak. Jende andana joaten da urtegi ingurura oinez ibili eta kirola egitera. Baita egun pasa ere. Aldiz, batzuk ez dakite oraindik metro gutxira pare bat trikuharri daudela. «Oso ezagunak badira ere –dio Joxan Mujikak– askok ez dute erreparatzen bertan daudela. Seinalea jarrita dago baina fijatzen ez bazara... Soilik bost metrora daude».

Lareoko trikuharria Barandiaranek aurkitu zuen 1916an. Tumuluak 12 bat metroko diametroa du eta bertako kareharriekin eraikita dago. Esku-liburuaren azalpenen arabera, mutur batean hasi eta ia erdiraino zabaltzen den aintzinako txabola baten paretak ikus daitezke. Biarrateko trikuharria ere Barandiaranek aurkitu zuen. Hasierako indusketetan eta geroagoko lanetan hainbat gauza jaso ziren ustekabean, hala nola aizkora leundu bat, 17 kuartzo-kristal, eta txorten eta hegaldun gezi-punta bat.

Ataun San Martingo Arratetatik gora
Trikuharri gehien biltzen dituen ibilbidea, monumentu megatikoak ikusi nahi dituenentzako ibilbide aproposena. «Toki honetan trikuharri pilaketa nabarmena dago», dio Morazak. Eremu txiki batean, hamaika bat ikus daitezke. Bisita bakoitzak bere kabuz antolatu dezake – «liburua ez da ohiko mendi gida»–, eta Zaldibitik edo Ataundik egin liteke. Antropologo eta historialari diren egileen esaten, mendizaleek erreferente bezala erabiltzen dituzte monumentu megalitko hauek. Hauez gain, gauza interesgarriak gehiago badadude zonalde horretan, gaztelu bat esaterako.

Lizarrustitik Etxegaratera
Ibilbiderik «konplexuena eta nahasiena» da, antolaketa gehien behar duena. Luzeena ere bada. «Punta batetik bestera joateko zazpi bat ordu behar dira. Ibilaldi polita da egun pasa egiteko». Hala ere nahiko gorabehera ditu. baina «izugarrizko pagadiak ikus daitezke». Eta beste gauza asko, Mujikaren esanetan. «Ibilaldiak aukera ematen du ohartzeko galtzada bat dagoela, zeinak esaten digun orain dela 200 edo 300 urte mendi hori ez zegoela hutsik. Jarduera ekonomikoak egiten zirela bertan, gaur ikusten ez den mugimendua zegoela».
5 de diciembre de 2006

Jentilarri trikuharria gaur egun. [Mikel Fraile]


más |

- Aizkorri-Aratz, en calendario

subir   
Foro
¿Qué opinas?